XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) komisaldegian sutondoan baino ordu gehiago igaro zituzten arren, ez zuten poliziarengandik Joxemi ikusterik lortu, ezta eraman zizkioten arropak eta janak pasatzerik ere, zeren hartu bai, egin zizkieten pakete guztiak, baina gero jakin zutenez batto ere ez zioten helarazi mutilari, denak noski mertzenario haiek berek gorde eta jan bait zituzten.

Bederatzigarrenean kartzelara eraman zuten.

Mehmet tartean Lezoko lagun baten etxean bizi zena izan zen lehenengo bisitatzaileetako bat.

Atariko txakurrek, arabea edo ijitoa zelakoan, erdeinuz eta beldurrez begiratzen zioten.

Joxemi sano zegoen, komisaldegian hil ez beste guztiak egin bazizkioten ere (seinalerik begi-bistakoenak eskumuturretan zeuzkan), edo horrexegatik, orain, hitz eta keinuetatik, lasaitasun izugarria zerion.

Ahotsak krak egin zion agur esateko momentuan: zutik, bi lagunak, bi zentimetrotako kristal infinitoaren kontra esku bana jarrita, non Mehmeti iruditu zitzaion bere lagunaren begiak kariñoz bustitzen zirela: uste bait zuen Joxemik azken aldikoz zekusala Kurdistango adiskidea.

Kartzelaren atea kale aldera zeharkatzen zuelarik, Mehmetek, bere aldetik, Joxemi barruan utzita ez zuela Euskal Herritik aldegingo, zin eginda zeukan.

Korreosen Dar-es-Salaam-i buruz telegrama hau igorri zuen: Bidaia ona izan.

Yusufek ulertuko zuen.

Gero hiri bazterretan buelta bat ematera joan zen eta, nekatu zelarik, banku batetan jarri zen.

Andre txolin bat, txakur flako batekin.

Gizon dorpe bat, ideia fijo alu batekin.

Mutil presatu batzu, lan enkargutan.

Zaharrak, gora begira, behera begira, nora begira ez zekitela.